Hasiera / Berriak / MONDRAGON ASSEMBLY S.COOP. KOOPERATIBAK 3,5 MILIOI EUROKO INBERTSIOA EGINGO DU TXINAN INSTALAZIO BAT ERAIKITZEKO

Berriak

MONDRAGON ASSEMBLY S.COOP. KOOPERATIBAK 3,5 MILIOI EUROKO INBERTSIOA EGINGO DU TXINAN INSTALAZIO BAT ERAIKITZEKO

2019-05-17

Inbertsioa 3,5 milioi eurokoa izango da, eta automatizazio-negozioak zein eguzki-energiaren negozioak merkatu estrategiko horretan hazteko dituzten premiei erantzun nahi die, negozio horiek Mondragon Assembly Taldeari egindako eskaerari jarraikiz, Txinako jarduera 2014. urtean hasi ondoren.
Horretarako, 12.000 metro koadroko lursail bat erosi du Qiandeng-eko (Kunshan) industria-parkean. Bertan, 7.000 metro koadro inguruko instalazio bat eraikiko du. Eraikuntzak 6.000 metro hartuko ditu ekoizpenerako, eta 1.000 metro bulegoetarako. Eraikuntza 2019. urtearen erdialdean hastea eta 2020ko lehen lauhilekorako abiaraztea espero da.
Instalazio horri esker, soluzio automatizatuen hornitzaile global gisa finkatzen eta balio teknologiko handiko eta herrialde/bezero bakoitzaren premietara egokitutako soluzioak eskaintzen jarraitu ahal izango du Mondragon Assembly Taldeak bezeroek behar duten leku guztietan. Automatizazio-negozioko zuzendari Iñigo Vélezek adierazi duenez, «gure ingeniaritza globalak Alemanian, Frantzian, Mexikon, Brasilen, Txinan eta Aretxabaletan ditugun ekoizpen-instalazioen artean ezagutza eta teknologia helarazteari esker lortu dugu hori».
Mondragon Assembly Txinak 8 milioi euroko salmentekin eta zuzeneko 85 langilerekin itxi zuen 2018ko ekitaldia. 2019. urterako, berriz, 12 milioi euroko salmentetara iristea eta 100 enplegatuko plantilla izatea espero da. Inbertsio berri horren bidez, berriz, Mondragon Assembly Taldeak 2022an merkatu horretan 25 milioi euroko salmentak lortzea eta 180 pertsonako plantilla izatea espero du.
Mondragon Assembly nazioarteko talde bat da, eta automatizazioko eta muntaketako soluzioen garapenean espezializatuta dago. Dagoeneko sei ekoizpen-instalazio ditu: Aretxabaletakoa (Gipuzkoa), hots, egoitza nagusia, Mexikokoa, Frantziakoa, Alemaniakoa, Txinakoa eta Brasilekoa (baita filial bat ere, Indian). Hainbat sektoretan dihardu, hala nola eguzki-energiaren, automozioaren, etxetresna elektrikoen osagaien, kosmetikoen, gailu medikoen eta osagai elektronikoen sektoreetan. Plantilla 400 pertsonak baino gehiagok osatzen dute, eta fakturazioa 85 milioi euro baino handiagoa izan zen 2018an.

Estrategia Empresarial maiatzaren 1-15ra