Hasiera / Berriak / MUGIKORTASUNEAN AITZINDARI DEN LEHEN AUTOBUS AUTONOMOA AURKEZTUKO DU IRIZAR TALDEAK MALAGAN

Berriak

MUGIKORTASUNEAN AITZINDARI DEN LEHEN AUTOBUS AUTONOMOA AURKEZTUKO DU IRIZAR TALDEAK MALAGAN

2020-02-18

Proba horretarako prestatutako autobusa Irizar ie bus modeloa da, % 100 elektrikoa, zero isurikoa eta gidatzeko sistema duala duena: eskuzko modua eta modu automatikoa (pilotu automatikoa). Guztira 12 metro luze da eta 60 bidaiari eraman ditzake.

Lehen autobus autonomo hori Ekonomia Ministerioaren Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak finantzatutako AutoMost proiektuaren emaitza da. Hiri-garraioko eta garraio industrialeko erabileretara bideratuko diren ibilgailuak automatizatzeko teknologiak garatzea da proiektu horren helburua, efizientzia, segurtasuna eta jasangarritasuna nabarmen areagotzea lortzeko.

Avanza eta beste 11 bazkide dira proiektuaren eragileak, horien artean Irizar Taldea, Irizar e-mobility eta Datik-en bitartez. Era berean, proiektuko partaide dira Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Insia, CEIT eta Vigoko Unibertsitatea.

Horrela, Malaga da kaleetan autobus autonomoa izango duen Europako lehenengo hiria. Autobusak portutik hiriaren erdigunerainoko bidea egingo du, eta, hasieran, itsas bidaian Andaluziako hiriburura iritsiko diren gurutzaontzietako bidaiariak eramango ditu.

Autobusak doitasun handiko posizionamendu- eta gidatze-sistema erabiliko du eta kontrol-zentro batera konektatuta egongo da. Handik, jarraibide zehatzak eman ahal izango zaizkio unitate bakoitzari, monitorizatu egingo dira eta denbora errealean jasoko da ibilbidearen berri.

Hiru urteko lanaren ondoren, proba pilotua Malagan jarriko dute martxan. Olabegogeaskoetxeak azaldu zuenez, AutoMost proiektuaren berritasuna da tamaina estandarreko ibilgailua benetako trafiko-egoera batean jarriko duela zirkulazioan, hiri batean eta ez gune mugatuetan.

Irizar Taldearen ahalmen teknologiko handiaren oinarria Creatio da, taldearen I+G+b zentroa. Bertan, taldeko enpresa kideen sinergiak batzen dituzte, eta, produktuak eta sistemak sortu eta ezartzeko prozesuen askotariko alderdiak lantzen dituzte. Hala, erronkarik berezienei, bezeroen eskakizunei eta jasangarritasun-betekizunei egiten diete aurre.

Estrategia Empresarial- Otsaila