Hasiera / Berriak / RPK KOOPERATIBAK AMERIKAKO ESTATU BATUETARA ESPORTATU DU ALEMANIAKO BERE BULEGO TEKNIKO-KOMERTZIALAREN EREDUA

Berriak

RPK KOOPERATIBAK AMERIKAKO ESTATU BATUETARA ESPORTATU DU ALEMANIAKO BERE BULEGO TEKNIKO-KOMERTZIALAREN EREDUA

2018-09-11

RPK Kooperatibak ibilbide luze eta nabarmena du nazioarte mailan, hiru hamarraldi baino gehiagoz landu duena; 80ko hamarraldian Europar Batasunean sartu izanak nabarmen dinamizatu zuen ibilbide hori.
1988an, salmenten % 8 fakturatzen zuen atzerrian RPK Kooperatibak. Europan arantzelak kendu eta lehiakide kopurua handitu zelarik, ez zen nahikoa portzentaje hori. Kooperatibak plan bat landu zuen, 1990ean abiarazi zena, Ford-en Q1 ziurtagiriarekin. Enpresaren prozesuak eta industria-kalitatea onenenekin homologa zitezkeen, eta Volkswagen, Renault, Lucas Girling, Britax eta beste hainbat marka konbentzitu zituzten.
Milurtekoa amaitu baino lehen, 1999an, diru-sarreren ehuneko berrogei eskuratzen zuen atzerrian RPK-k, baina euroak eta globalizazioak aurrerapen guztiak mugatzen zituzten. Orduan erabaki zuten bezero guztiei jarraitu behar zietela munduan zehar; horretarako, 2000 Plana diseinatu zuten, atzerrian fabrikatzeko eta nazioarteko salmentak % 50etik gorakoak izatea lortzeko.
2002an ireki zuten atzerriko lehenengo lantegia, Celayan (Mexiko), bost milioi euroko inbertsioa eginda. Kokapen anitzeko manufaktura-sarea gorpuzten hasi ziren era horretan eta, aldi berean, Gasteizko egoitza nagusia bilakatu zen korporazioaren erdigunea eta I+G+b-arena, malgukien fabrikazioan mundu mailako erreferente bihurtuz.
2010ean, Punera (India) iritsi zen kooperatiba eta, 2014an, BMW etxearen hornitzaile zuzenen artean sartu zen, B58 motorrerako piezen fabrikazioan partner gisa; nazioarteko ibilbideko mugarri berriak izan ziren horiek, baina behar berriak ere deskubritu zituzten.
Horiei erantzuteko, kooperatibak bere lehenengo bulego tekniko-komertziala sortu zuen Munichen, 2015ean; Daniel Mesanzak, Alemaniako eragiketen zuzendaritzaren ardura hartu zuen taldearen produktu-ingeniariak, zera azaltzen du: "bezeroekiko harreman estuagoa lortu beharra genuen produktu berrien garapenean lankidetzan jarduteko".
Orain maletak prestatzen ari da Mesanza. RPK Kooperatibak erabaki du bere alemaniar eredua Charlottera (AEB) esportatzea, eta bera arduratuko da bulegoa zuzentzeaz. Helburua berbera da: “bezeroekiko hurbiltasuna, behar duten laguntza emateko”; horretarako, “Mexikoko RPK-k egindako lan bikaina” izango dute lagun.

Empresa XXI. 2018KO IRAILAREN 1A