Hasiera / Berriak / LABORAL KUTXAK “BULTZADA KOMERTZIALAREN” BIDEZ GAINDITU DU MARJINEN GAINEKO PRESIOA

Berriak

LABORAL KUTXAK “BULTZADA KOMERTZIALAREN” BIDEZ GAINDITU DU MARJINEN GAINEKO PRESIOA

2018-09-27

Laboral Kutxako zuzendaritzak lehen seihilekoko txostenean adierazi duenez, banku-negozioaren ildoak aurreko hiruhilekoetako berberak izan dira: «interes-tasak zero azpiko mailetan babestuta eta marjinen gainean presio nabarmena eginez».

Zailtasun handiko testuinguru orokor horretan, emaitzak hobetzeko gakoak izan dira «salmenta-sareari bultzada komertzial garrantzitsua ematea, arriskuaren gestio zuhurra eta gastuei eraginkortasunez eustea».
Jokabide horien guztien ondorioz, ehuneko 4,3 handitu du irabazi bateratua, 76 milioi eurora iritsita.
Interes-tasa negatiboen egoera igarri da emaitzetan; izan ere, «gordailuen kostuetan azken ekitaldietan izan den beherakadak ez du konpentsatu maileguen interesen gainbehera, eta horrek baldintzatu egin ditu banku-sarrera tipikoak».

Horrenbestez, interesen marjina 127 milioi eurokoa izan da, 2017ko ekainekoa baino ehuneko 1,9 txikiagoa. Jaitsiera hori «komisioen bilakaera onak konpentsatu du, ehuneko 6,8 hazi ondoren oinarrizko marjina 175,4 milioitan kokatu baitu (% 0,5)».
Marjina gordina, berriz, 210,7 milioikoa izan da, ehuneko 7ko beherakadaren ondoren. Nolanahi ere, aipatutako iturrien arabera, «errenta aldakorreko gainbalioei dagokien gaur egungo IFRS9 kontabilitate-araudia aplikatuta eta termino homogeneoetan alderaketa eginez gero, marjina gordinak ehuneko 6,3ko gorakada izango zukeen».
Emaitza-kontua hobetzeko lagungarria izan da gastuei eustea (–% 1,2) eta hornidurak eta saneamenduak asko murriztea (–% 55,2). Gainera, berankortasuna % 5eraino gutxitu izanak ere izan du eragina.

Kalitate goreneko CET1 kapital-ratioa % 17,85eraino iritsi da.

Empresa xxi-irailaren 15a