Hasiera / Berriak / ECENARRO ETA COPRECI ENPRESEN PRODUKTUEN BIZI-ZIKLOAREN GESTIOA ERRAZTUKO DU ARITU S. COOP. SOZIETATEAK

Berriak

ECENARRO ETA COPRECI ENPRESEN PRODUKTUEN BIZI-ZIKLOAREN GESTIOA ERRAZTUKO DU ARITU S. COOP. SOZIETATEAK

2018-09-27

Gipuzkoako Aritu kooperatiba, neurrirako software-ingeniaritza mekanikoa eta informatikoa lantzen dituena, erronka handi batean dago murgilduta: PLM teknologiaren erabilera zabaldu eta demokratizatzea, “Elora PLM” softwarearen bidez. Plataforma horri esker, produktuari lotutako informazio guztia kudea daiteke, barne-egitura handirik behar izan gabe. Horrela, jauzi kualitatibo handia eman du Arituk produktu industrialetan espezializatzeko estrategian, eta gaur egun merkatuan dagoen eskaintza —kostu handiko PLMak dira nagusi—zabaldu egin du, gipuzkoar enpresak azpimarratu duenez.
Copreci eta Ecenarro kooperatibak dira sistema hori aukeratu duten enpresetako bi. Finkatzeko elementuak fabrikatzen dituen Ecenarroren kasuan, haren instalazioetan “Elora PLM” jartzen ari da Aritu. Besteak beste, workflowak ezarri ditu ingeniaritza-prozesuak (homologazioak, eraldaketak eta abar) kudeatzeko, baita negozioaren alorreko beste prozesu batzuk kudeatzeko ere, hala nola eskaintzen balidazioa, proiektuen faseak eta kalitate-prozesuak.
Horrez gain, Aritu elkarlanean hasiko da urtearen bukaeran Ecenarrorekin eta Bergarako Miguel Altuna Institutuarekin, Toyotaren “Design Review Based on Failure Mode” (DRBFM) metodora bideratutako metodologia eta softwarea ezartzeko.
Bestalde, Copreciren ingeniaritza-zerbitzuak eta produktuen bizi-zikloa kudeatzeko ezarri du Arituk “PLM” plataforma. Copreci etxetresna elektrikoen osagaien fabrikazioan dago espezializatuta, 280 patente baino gehiago ditu eta bere ingeniaritza- eta ekoizpen-ekipoak zazpi herrialdetan daude finkatuta. Aipagai dugun sistema ingeniaritzaz kanpoko beste arlo batzuetara zabaltzeko aukera aztertzen ari da kooperatiba gaur egun, hain zuzen ere bere hornitzaileen sarean eta bezeroenean txertatzeko.

EMPRESA XXI- 2018ko irailaren 15a