Hasiera / Berriak / PANEL FIJACIONES S.COOP SOZIETATEAK PENTSAMENDU ESTRATEGIKOAK BERRAZTERTU DITU 4 URTERA BEGIRAKO PLANGINTZAN

Berriak

PANEL FIJACIONES S.COOP SOZIETATEAK PENTSAMENDU ESTRATEGIKOAK BERRAZTERTU DITU 4 URTERA BEGIRAKO PLANGINTZAN

2018-12-14

Automobilentzako osagaiak fabrikatzen dituen Panelfisa enpresak Kooperatiba bilakatu zeneko 25. urteurrena ospatu du azaroaren 23an eta 24an. Urteurrenarekin batera, kooperatibak hausnarketa egin du pentsamendu estrategikoak aztertzeko. Ildo horretan, NER metodoan aurrera egitea eta inbertsioak funtsezko faktore izango dira.
Sozietate-izaera eraldatu zuenetik 25 urte igaro direla eta, Panelfisako langileek enpresaren pentsamendu estrategikoak berriro aztertu eta zehaztu dituzte. Satur Ormazabalek adierazi duenez, “azken urteotan, Ner Groupen sartu garenetik, indartsu hazi gara”.
Jauzi horren erakusgarri da salmenten bilakaera; izan ere, 2011n 15 milioi eurokoak izan ziren eta 2018an, berriz, 30 milioi eurora iritsi dira. Era berean, taldearen langile-kopuruak gora egin du, 70 langile izatetik 160ra igaro da, eta horietatik 115ek Tolosako egoitzan egiten dute lan. 2014an hartutako bi erabakik sustatu dute bilakaera hori: “batetik, Mexikon manufakturako filiala irekitzeak eta, bestetik, automobilgintzarako eskaintza finkatzeak, hotzean estanpatutako finkatze-elementuetara dibertsifikatuta eta laminazio prozesuen eta bigarren mailako operazioen bidez”.
Egitasmoaren harira, datozen 4 urteetarako helburuak berraztertu dituzte. Panelfisako lantaldeak industria-egitura sendotzeari ekingo dio orain, bai Mexikoko lantegian, bai bezeroen aldetik harrerarik onena izan duten osagaietara dibertsifikatzeko eta NER metodoan sakontzeko bidean.
Hiru plan abian jarrita oinarrituko dituzte manufakturaren arloko hazkunde-aurreikuspenak. Batetik, Tolosako lantegiko bitartekoak indartuko dituzte, datozen lau ekitaldietan urtean 1,5 milioi euro horretan gastatuta. Baliabide horiek hotzeko estanpazioko, ikuspeneko eta hariztaketako ekipamenduetara bideratuko dira, eta baita datuen atzemate-jarduera digitalizatzera, kalitatea hobetzeko informazioa automatizatzera eta prozesuen simulaziora ere.
Bigarrenik, 2020an espazio-arazoei aurre egin eta lay outa optimizatuko dute, jarduera aldameneko lantegi batera zabalduta. Lantegi horrek 2.000 metro koadroko azalera du eta bukaerako prozesuak hartuko ditu.
Bestalde, Celayako lantegian ekipamenduen arloan inbertsioak egitea aurreikusi dute, urtean milioi erdi euro ingurukoak, eta, aldi berean, kudeaketa hobetzen jarraituko dute, antolaketa-egitura horizontalaren bidez eta autogestioa bultzatuz.

EMPRESA XXI – 2018ko abenduaren 1a