Hasiera / Berriak / EIKA S. COOP. SOZIETATEAK AURTEN % 7 HAZTEA AURREIKUSTEN DU, MERKATU KUOTA HANDITUZ

Berriak

EIKA S. COOP. SOZIETATEAK AURTEN % 7 HAZTEA AURREIKUSTEN DU, MERKATU KUOTA HANDITUZ

2019-02-27

Egosketa elektrikorako, berokuntzarako eta sukalde-gainekoetan, labeetan eta sukaldeetan beroa erregulatzeko osagaiak ekoizten ditu Eikak gaur egun. Kooperatibaren negozioa handituz joan da eta salmentek gora egin dute 2009an fakturatutako 60 milioi euroetatik 2018ko 95 milioietara. Helburu duen merkatua oso indartsu ez dagoen arren, aurtengo ekitaldian % 7 inguru haztea eta 102 milioi euroko fakturaziora iristea espero du.
Bezero nagusiei dagokienez, etxetresna elektrikoen fabrikatzailerik nabarmenentzat egiten du lan Eikak. Horien artean honako hauek aipa daitezke: General Electric, Bosch Siemens, Whirpool, Electrolux, Miele, Beko eta Midea. Guztira, 50 baino gehiago dira.
Eikak inbertsio-kopuru berari eusten dio urtero. Hala, azken bost ekitaldietan guztira 25 milioi euro bideratu ditu instalazioen automatizaziora, merkatuaren eskarira hobeto egokitzeko ahalmena handitzera eta ‘lean manufacturing’ proiektuetara. Inbertsio horiekin aurrera jarraituko du kooperatibak eta urtero-urtero bost milioi euro baino gehiago zuzenduko ditu horretara, Aitor Soria Eikako kudeatzaileak baieztatu duenez.

Eikak atzerrian egiten du salmenten % 95. Egosketa elektrikoaren merkatu nagusiak Europa eta Estatu Batuak dira, munduko eskariaren eta enpresaren salmenten % 90 baino gehiago bereganatzen baitute. Eikaren arabera, azpimarratzekoa da azken hiru urteetan Ipar Amerikako merkatuan izandako hazkundea; hala, % 26tik % 50era handitu du hango merkatu-kuota. Soriaren hitzetan, AEBko produktu nagusia sukalde bitrozeramikoetarako foku erradiatzailea da. Produktu horrek oso hazkunde handia izan du; indukzioa, berriz, ia ez dago herrialde hartan.

Orain urte batzuk ematen bazuen ere indukzioak teknologia erradiatzailea ordezkatuko zuela, ez da halakorik gertatu, eta enpresak hazteko aurreikuspenak ditu epe ertainera, batez ere merkatu amerikarraren eta garatzeko bidean dauden merkatuen bultzadari esker. Halere, mehatxu hori dela eta, berrikuntzan inbertitu du Eikak, egungo produktuen prestazioak, efizientzia eta kostua hobetzearren. Eikako arduradunen arabera, bitrozeramikarako foku erradiatzailea indukzioaren parekoa dela erakutsi dute efizientzia-saiakerek, eta egosketa-proba errealetan ez dago inolako alderik.

Azkenik, dibertsifikazioan eta jarduera berrietan egindako aurrerapenak ere aipatu ditu Eikak. Horien artean daude, esaterako, autobusetarako ‘star-stop’ sistemak, zeramika teknikoak, sukalde-gainekoak eta abar.

Estrategia Empresarial-Otsailak