Hasiera / Berriak / ARITU S. COOP. KOOPERATIBAK EloraPLM PLATAFORMA ETE-ETAN ZABALDU ETA ERREFERENTEA IZATEA NAHI DU

Berriak

ARITU S. COOP. KOOPERATIBAK EloraPLM PLATAFORMA ETE-ETAN ZABALDU ETA ERREFERENTEA IZATEA NAHI DU

2019-03-05

Mekanikan, software-garapenean, aholkularitzan eta PLM («Product Lifecycle Management») soluzioen ezarpenean espezializatuta dago Aretxabaletako kooperatiba. Joan den urtean EloraPLM atera zuten: software librean garatutako produktuen bizitza-zikloaren kudeatzailea, industria-sektoreari zuzendua. Bada, EloraPLM industriala Coprecin ezarrita dago jada; eta, gaur egun, Ecenarron ere ezartzen ari dira. Helburua da urte bukaeran bost lekutan ezarrita egotea.

Elkargest izan da Arituk landutako beste tresna garrantzitsu bat: 2000. urtean egindako sistema da, sozietate gastronomiko edo txokoen kudeaketarako. Software modernoa da, etengabe garatzen dagoena. Oraingoz, 450 tokitan ezarri dute, eta dagoeneko erreferentea da merkatuan. Informatika alorrean landutako proiektua izan da hori. Izan ere, kooperatibak eskarmentu handia du informazioa kudeatzeko neurrira egindako aplikazioak garatzen, hainbat eremutan: hezkuntzan, industrian, kirolean...

25 urte daramatza Arituk merkatuan, eta iraupen luzeko lankidetza-harremanak eraiki ditu. Besteak beste, honako bezero hauek ditu: Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Unibertsitatea eta Aurrenak; eta, duela gutxi, Urolarekin, Ecenarrorekin eta Danobatekin ere hasi da lanean.

Hauexek dira Arituk 2019-2021 aldirako aurreikusitako helburu nagusietako batzuk: bezero berriekin harremanak egonkortzen jarraitzea, haien proiektuak garatzen laguntzea eta diseinu-prozesuetan hobekuntzak ezartzea; EloraPLMren erabilera hedatzea industria-sektoreko ETE-etan (EAEn zein Estatuan); eta, epe ertainera, Elora euskal industriarentzat PLM plataforma erreferentea izan dadila lortzea.

Negozioaren % 10-15eko hazkunde eutsia aurreikusi dute datozen urteotarako, eta Arituko langile-taldea ere neurri berean haztea (gaur egun, 20 profesional dira).

2019ko otsailak 16-28