Hasiera / Berriak / BIZKAIAN HAMAR SIMPLY SUPERMERKATU EROSTEA ADOSTU DU EROSKIK SABEKOREKIN

Berriak

BIZKAIAN HAMAR SIMPLY SUPERMERKATU EROSTEA ADOSTU DU EROSKIK SABEKOREKIN

2020-04-02

Eroski taldeak akordioa lortu du Sabeko Banaketarekin, Bizkaian Simply markako hamar supermerkatu erosteko. Erreferentziazko operadorea den eskualdeetan presentzia indartzeko planaren baitan kokatzen da eragiketa.

Eroski banaketa-taldeak hamar Simply supermerkatu erosi dizkio Sabeko Banaketari Bizkaian. Basaurin, Erandion, Galdakaon, Getxon, Santurtzin eta Bilbon (bost) daude, eta 8.500 metro koadroko merkataritza-azalera dute gutxi gorabehera.

Eroski erreferentziazko operadorea da hainbat eskualdetan, eta posizio adierazgarriak ditu haietan, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan. Hain zuzen, posizio horiei eusteko bere planean kokatzen da eragiketa. Gainera, 2020an beste 75 denda irekitzeko helburua betetzen lagunduko du akordioak.

Rosa Carabel Eroskiren Sare Komertzialeko zuzendari nagusiak nabarmendu du «Espainiako iparraldean sarea indartzearen alde egin dugu, denda propio eta frankiziadun berriekin, eta gainerako eskualdeetan hazten jarraitzearen alde, gure frankizia-sarea hedatuz». «Ia 300 profesional batuko zaizkio Eroskiko taldeari, erronkak eta etorkizuneko lorpenak partekatzeko», gaineratu du.

Eragiketa gauzatzeko, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (CNMC) onespena behar da. Eragiketa egiteko baimena duenean, Eroskik berritze-lanak egingo ditu dendetan, ‘zurekin’ eredura egokitzeko; batetik, elikadura osasungarria eta jasangarria sustatzeko, eta bestetik, sasoiko tokiko produktuei eta freskoei protagonismoa emateko.

Gainera, Eroskik marka propioko produktuen 90 bilgarri baino gehiago berrikusi zituen iaz, eta horri esker, urtean 50 tona plastiko konbentzional baino gehiago murriztea lortu du. Besteak beste, neurri hauek ezarri dira: bilgarriak kentzea, bilgarrien pisua txikitzea, zenbait bilgarriren ordez ingurumena gehiago errespetatzen duten beste material batzuk erabiltzea, eta gehiegizko bilgarriak erabiltzeari uztea.

Hona hemen Eroskik jasangarritasunarekin duen konpromisoaren adibide batzuk: erabilera bakarreko plastikozko poltsen ordez FSC zigilua duten paperezko poltsak jartzea; plastikozko erretiluen ordez zigilu hori bera duten kartoizkoak erabiltzea, ‘Natur’ markako fruta eta barazkien erreferentzia jakin batzuetan; eta plastikozko bilgarrien ordez kartoizko kaxak erabiltzea, ‘Belle’ kosmetikako produktuetan.


eroski,s.coop