Hasiera / Berriak / LANCOR 2000 KOOP.ELKak, EOLIKOEN ALDEKO APUSTUARI EUTSI DIO, BI SORGAILU-MODELO BERRI SORTUZ

Berriak

LANCOR 2000 KOOP.ELKak, EOLIKOEN ALDEKO APUSTUARI EUTSI DIO, BI SORGAILU-MODELO BERRI SORTUZ

2020-06-22

Lancor, Ner Group taldeko enpresa, energia eolikoaren dibisioa garatzen ari da etengabe. Oraingoan, sorgailuen gama handitu du, bi modelo berri sortuz: 1,7 kW eta 100 kW bitartekoak dira eta, ahalmen horiei esker, aise beteko dute merkatuaren eskaria. Konpainia aspalditik ari da Europaren iparraldeko enpresekin lankidetzan, eta, gaur egun, horiek ditu bezero nagusi.
Hasieratik igogailuetarako motorrak egiten jardun du Lancorrek, eta bertatik jakinarazi dutenez, Estatu Batuetako, Asiako eta Europako energia eolikoak oinarri sendoa du, nahiz eta COVID-19ak ziurgabetasun handia ekarri duen. Hori dela eta, produkzio-lerroak automatizatzea eta prozesuak egokitzea dira, orain ere, enpresaren lehentasunak. Izan ere, aurreserieak sortu eta kontsumitzaileen eskakizunetara egokitu ondoren, eta produktua baliozkotu eta merkatuaren onarpena aztertu eta gero, nahitaezkoa da seriean produzitzea, produktuaren fabrikazioa optimizatzeko (horrela, produkzio-denbora eta materialen kontsumoa aurrezten dira).
Hala, sorgailu elektrikoak seriean fabrikatzeko area bat prestatu dute lantegiaren barruan, eta beharko dituzten makina berrientzako lekua egokitu dute bertan. Era berean, produkzio-prozesua optimizatzeko ekipamendu berriak ekartzen ari dira: errotorea egiteko prentsak, konexioak eta aurretiko probak egiteko muntatze-zentroak eta estatoreak hariltzeko makina bat; horrez gain, saiakuntza-bankua egokitu dute, testatutako produktuen inguruko informazioa lortzeko. Enpresaren beste inbertsio batzuk dagoeneko dituzten makinetarako lanabesak eskuratzean oinarrituko dira.
Guztira, milioi bat inguru euroko inbertsioa eskatuko du proiektuak, fase hauek gauzatzeko: plangintza, diseinua eta ikerkuntza, eta inplementazioa eta monitorizazioa. Lancorrek 2019an ekin zion proiektuari, baina aurtengo ekitaldian burutuko ditu fase nagusiak. Amaiera partziala 2021ean ematea aurreikusten du.
Energia berriztagarrien arloan aurrera egiteko, garapen optimizatuak behar ditu Lancorrek. Hori dela eta, lankidetzan oinarritutako I+G+b proiektu bat bultzatu du, Alconza, Sener eta MIM enpresekin elkarlanean eta Industria Garapen Teknologikorako Zentroak (CDTIk) lagunduta. Proiektu horren helburua da material eta fabrikazio-ibilbide berriak garatzea, gailu elektromekanikoen belaunaldi berri baterako. Era berean, jasokuntzaren arloan eta energia berriztagarrien bidezko mugikortasunaren sektorean ere izan dezake eragina proiektuak.
Lancorren biurteko azken plan estrategikoa aurten amaituko da, eta atzerrian sendotzea ere aurreikusten du. Halere, egungo egoera dela eta, konpainiak Gallartako (Bizkaia) instalazioetan zentralizatuko du sorgailuen fabrikazioa, eta handik mundu osora eramango ditu. Dena den, espero dute etorkizunean jarduera zabaltzen jarraitu ahal izatea, tokian tokiko bezeroak inguruko delegazioetatik artatzeko.

EMPRESA XXI-ekaina